XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Art nouveau: nazioarteko estetika Joan den mendearen bukaera aldera sortu zen Art Nouveau, Europako arkitektura ofizialak zituen ponperia eta konformakortasunezko ezaugarrien kontra.

Hirigintza azkarreko urte horietan, hirietako aberats handiek bihotzik gabeko jauregitxotan erakusten zuten beren aberastasun iritsi berria.

Art Nouveau inguruaren uniformetasun eta monotonia horren kontrako berezko erreakzioa izan zen beraz.

Arkitekturan, altzarietan, sukaldeko tresnerian, bizitz estiloan hainbesteko eragina duten eguneroko gauza guztietan agertuko zen, bada.

Art Nouveau-k iraganerantz ditu begiak.

Naturaren eta industriaz aurretiko munduaren jorana du; hortik datorkio mahatsondoaren marra bihurra eta enbor korapilatuen zaletasuna, pinu oskolaren azal lakarrarena, asimetriaren zaletasuna hitz batean.

XIX mende amaiera aldeko halako sentsibilitate estetiko baten ertaro-zaletasunarekin, askotan erreibindikazio nazionalekin loturik dagoenarekin ere bat dator.

Abangoardia mugimendua ere bada, beste alde batetik, Art Nouveau, bere garaiko materialeak bere irudimenerako egokituz nola erabili ederki asmatzen duena.

Horregatik, adibidez, estilo berri honek harria, bere garaiko talde aberatsen sendotasunaren eta aberastasunaren sinboloa, bere asmotarako erabiltzen du.

Materia bizigabeari bizia emanik, landare oparo bihurtzen du, edo abere mitiko, eta giza irudi, itxura hain aingerutiarra dutenak, ezen esango bait litzateke bekatuaren ideiaz harunztik daudela guztiak.

Harria buztina balitz bezalaxe lantzen du, eta materiale berriak erabiliz aberasten da: zeramika polikromatuak, burdin forjatua, altzairua agerian, bidrierak irudi futurista bitxiz margotuak, hori guztia askotan obra berean, altzari edo etxe, ustekabeko konbinaketa modutan elkarturik.

Beste inspirazio eta berrikuntza iturburu bat: exotismoa.

Japoniatik ikasitako naturaren ikuspegia bere eragiletzat zehazki aitortu zen, eta orobat Mongoliako arkitektura, bere minareteekin, eta baita Asiako beste eredu batzuk ere, Europa Erdialdeko sortzaileen artean batez ere.

Zer esan berak izan zuen eraginaz? Uste zabala dago Art Nouveau Europako adierazpena izan zela batez ere, eta zertxobait Iparramerikara iritsi zela gehienez ere. Uste ustela.

Mundu Zaharrean loratu eta garatu ondoren Helsinkitik Erromaraino, Paristik Moskuraino lau haizetara zabaldu zuen estilo honek XX mendeko zinez nazioartekoa izango zen lehenengo arkitektura eta diseinu mugimenduaren hazia.

Adar autonomo sendo bat Estatu Batuetan sortuko zen (horren eragina Europan bertan ere sentituko zen); estilo horren aldaera, Kataluniako modernismoa, Kubara iritsiko zen; han erabat tropikaldurik, zigarro kutxetan ere agertuko zen; belga eta italiarrek beren aldetik berebiziko etxe aberatsak eraiki zituzten haiek Arjentinan eta hauek Txilen.

Mugimendu honek Afrika Iparraldean, Turkian eta are Japonian ere izan zituen oihartzunak.

Nazioartean izan zuen hedaduragatik eta forma eta materialen aukera eta erabileragatik, bere garaiarekiko lotura estuz atxikirik ageri zaigu Art Nouveau.

Orobat bere humoreagatik eta fantasiagatik, berebiziko etena bait du ponperia ofizialarekiko.

Omega irudia egiten duen arkua, hainbeste bider erabiliak, irribarrez dagoen ahoa ekartzen du gogora, eta halaxe zorionaren arkitektura izendatu izan da Art Nouveau.

Lehenengo Mundu Gerrak ordea, bere itsuskeria guztiekin heriozko kolpea emango zion.

Gerra biharamunean 20ko hamarkadako Art Deco-ren geometrizazio obsesiozko eta ustez funtzionalak hartuko du Art Nouveau-ren malgutasun eta humorearen lekua.

Horrela hasten da estilo horren beheraldia eta urritasunaren garaia, gaur egun bertan ere oraindik neurri handi batean gutxietsia eta mesprezatua edo albora utzia dagoelarik.

Kezkatzekoa da Art Nouveau estiloko arkitekturazko zenbait elementu eta are eraikuntza osori gaur egun Dublinen, Moskun, Parisen, Tunezen eta Valparaison eman nahi zaien erabilera, Art Nouveau-ren emaitzak arriskutan dauden hiri batzuk besterik ez aipatzearren.

Egoera dirudiena baino konplexuagoa da gainera.

Alde batetik arkitekturaren lekuko horiek erausten edo hondatzen uzten jarraitzen den aldi berean bestetik geroz eta gehiago aitortzen da nazioartean Art Nouveau-ren berezko balioa eta sakoneko orijinaltasuna.

Gizadiaren arte ondare unibertsala deitzen den irudimenezko museo zaindu eta gorde beharreko horretan kokatu da estilo hau.

Horrela ari da berriro modan jartzen Art Nouveau, azkeneko hogei urte hauetan.

Glasgow-en, Europako Ekonomi Elkarteak 1900erako Europako kulturaren hiriburua izendatu zuen hirian, eraikitzen ari da azkenik Artezalearen Etxea, Charles-Rennie Mackintosh arkitekto eskoziarrak 1901ean diseinatua.

Sinbolo konplitua, eraikuntza hori.

Art Nouveau, XX mendearen bezperan sortua, berriro pizten ari ote da XXI mendearen atarian.

Palau de la Música-ko entzutegiaren sabai-leihoa, Lluis Demènec i Montaner-en obra, Bartzelona 1905-1908.